Markina-Xemein, Zapolako Bunkerra

Markina eta Xemein Gerra Zibilean

Matxinoek Frantziako muga eta Hego Euskal Herrian Irun eskuratzea izan zuten helburu nagusi. Hori erdietsi ondoren, 1936ko irailaren 13an Gipuzkoako hiriburua, Donostia, okupatu zuten. Errepublikaren alde borrokan ari zirenen ahultasun militarraz baliatuz, lehenengo euskal milizianoei aurre egin zieten eta aurrera jarraitu zuten ia Gipuzkoa osoa hartu arte. Horrela, 1936ko irailaren amaierarako Bizkaiko muga-lerroan jarri ziren.

Baina, errepublika eta balio demokratikoak defendatzen ari zirenek atzerrian armamentua eskuratzea lortu zuten, eta faxistei aurre egitea lortu zuten, inguruko mendietako guda-lerroak geldiaraziz. Jarraian, Markina plaza militar bihurtu zen, eta bertako biztanleek egunero pairatu behar izan zuten gerraren gordinkeria, guda-lerroa geldirik egon zen 7 hilabeteetan.

Gudari eta milizianoen joan-etorriez gain, egunero zeuden bonbardaketak, tiro-hotsak, bala galduak, suntsiketak, babeslekuetan orduak eta orduak igaro­tzea, gabeziak, zaurituak, hildakoak…Garaiko egunkarien kroniken arabera, Markina eta Xemein bonbardaketa gehien jasan zituzten herrietakoak izan ziren.

Italiarren eta Alemaniarren laguntza militarraz baliatuz, faxistek lerroa zeharkatzea lortu zuten 1937ko apirilaren 27an. Bezperan suntsitutako ­Gernikarako bidea hartuz, gerra zuzena amaitutzat eman zuten.

Hala ere, ondoren etorri zena ez zen aurrekoa baino eramangarriagoa izan: atxiloketak, ile mozketak, ihesaldiak, espetxe zigorra, aldarrikapen lanak, ­epaiketak, fusilamenduak, autoritarismoa, indarkeria, bazterketa, gaztelaniaren ezarpena, isunak, desjabetzeak, gosea... etorkizunik eza, lau hamarkadetarako ezarritako frankismoa.

Zapolako bunkerra

Markinaldeko fronteko defentsarako bigarren lerro hau 1936ko urriaren hasieran egonkortutako lehen guda-lerroetatik hurbil eraikitako sendoena eta gauzatuena izateaz gain, porlanezko ­eraikin lerrokatuekin egindako bakarra izan zen.

Eusko Jaurlaritzako Fortifikazio saileko agirietan agertzen denez, Urkotik Itoinomendira 27 bunker eraikitzea zen asmoa. Zaila da jakitea denak eraiki ziren edo ez, baina horietako 23 kokatuta­­ ­daude. Batzuk oso egoera onean aurkitzen dira, Zapolakoa kasu.

Zapola inguruan 3 metrailadore habia daude: Igotzekoa, Zapolakoa eta Zapolazpikoa. Hiru eraikinak berdintsuak dira, porlanez egindakoak, baina badute bereizgarri bat; gainaldean duten harri-­hormako geruza sendoa.

Bigarren guda-lerro hau ez zen erabili gerratean, Munitibar eta Gernika bonbardatu zuten egun berean (1937ko apirilaren 26an) matxinoak Oiz mendira hurbildu zirelako, eta Markina eta Lekeitioko fronteetan aritu ziren euskal miliziak bigarren lerro hau defendatzeko aukerarik gabe, atzera egin beharrean aurkitu zirelako.

irudia

Markinaldeko bigarren guda lerroa

1936ko uztailean estatu kolpea eman zutenean, Nafarroa eta Arabako agintariak matxinoekin lerratu ziren. Lehen helburua Irungo muga eskuratzea zen eta borroka gogorren ondoren Irun bereganatzea lortu zuten irailaren 5ean. Hilabete orduko eta Gipuzkoa osoa menperatuta, Bizkaiko mugara heldu ziren, irailaren 26an. Mola jeneralaren asmoa Bizkaia ere arin menperatzea zen, baina gudariak zein milizianoak oinarrizko antolakuntza eratzeko gai izan ziren eta matxinoak gure inguruko mendietan geldiaraztea lortu zuten 7 hilabetez.

 Euskal milizien agintaritzak matxinoen lerroa gainditzeko eraso gogor bat bideratu zuen 1936ko urriaren 21ean, baina helburua lortu ezinik, bigarren guda-lerro hau eta Bilboko Burdin Hesia eraikitzea erabaki zuen, Faxistak Bilbora heltzea oztopatu eta ekiditeko asmoz.

 Gure inguruko lehen guda-lerroan matxinoek posiziorik egokienak zituzten, beraien nagusitasuna nabarmena zen, eta, horrez gain, euskal gudariek fronte guztiko posiziorik zailenak zituzten hemen. Beharbada horregatik indartu ziren bigarren defentsa-lerroko lanak. Lerro honen sendotasunagatik matxinoek ez zuten aparteko saiakerarik egin hau gainditzeko, 1937ko martxoaren 31an Mola Jeneralak indar guztiak Euskal Herriko frontera bideratu eta eraso nagusia hasi zutenera arte.

Markina-Xemeingo beste memoria lekuak

Akarregi-Egixarreko Borroka

Egixarreko borroka 1936ko urriaren 21ean izan zen, tropa frankistek Jose Sagarna Uriarte apaiza (Zeanuri, 1911- Xemein, 1936) Amulategin fusilatu eta biharamunean. Egunsentian hasi ziren enfrentamenduak Antonio Naranjo komandantearen gidaritzapean. Borrokaldi hura ezkertiarrek, errepublikanoek eta abertzaleek osatu zuten: Euzko Indarra, EAE-ANVren bigarren batailoia; Mateos batailoia (UGTren lehena, gutxienez lehenengo, bigarren eta bosgarren konpainiak); eta Boga Boga (gerora Itxasalde batailoia osatuko zuen konpainietako bat).

irudia