Markina-Xemein, Baldaburuko bunkerra eta indusketa
Markina eta Xemein Gerra Zibilean
Matxinoek Frantziako muga eta Hego Euskal Herrian Irun eskuratzea izan zuten helburu nagusi. Hori erdietsi ondoren, 1936ko irailaren 13an Gipuzkoako hiriburua, Donostia, okupatu zuten. Errepublikaren alde borrokan ari zirenen ahultasun militarraz baliatuz, lehenengo euskal milizianoei aurre egin zieten eta aurrera jarraitu zuten ia Gipuzkoa osoa hartu arte. Horrela, 1936ko irailaren amaierarako Bizkaiko muga-lerroan jarri ziren.
Baina, errepublika eta balio demokratikoak defendatzen ari zirenek atzerrian armamentua eskuratzea lortu zuten, eta faxistei aurre egitea lortu zuten, inguruko mendietako guda-lerroak geldiaraziz. Jarraian, Markina plaza militar bihurtu zen, eta bertako biztanleek egunero pairatu behar izan zuten gerraren gordinkeria, guda-lerroa geldirik egon zen 7 hilabeteetan.
Gudari eta milizianoen joan-etorriez gain, egunero zeuden bonbardaketak, tiro-hotsak, bala galduak, suntsiketak, babeslekuetan orduak eta orduak igarotzea, gabeziak, zaurituak, hildakoak…Garaiko egunkarien kroniken arabera, Markina eta Xemein bonbardaketa gehien jasan zituzten herrietakoak izan ziren.
Italiarren eta Alemaniarren laguntza militarraz baliatuz, faxistek lerroa zeharkatzea lortu zuten 1937ko apirilaren 27an. Bezperan suntsitutako Gernikarako bidea hartuz, gerra zuzena amaitutzat eman zuten.
Hala ere, ondoren etorri zena ez zen aurrekoa baino eramangarriagoa izan: atxiloketak, ile mozketak, ihesaldiak, espetxe zigorra, aldarrikapen lanak, epaiketak, fusilamenduak, autoritarismoa, indarkeria, bazterketa, gaztelaniaren ezarpena, isunak, desjabetzeak, gosea... etorkizunik eza, lau hamarkadetarako ezarritako frankismoa.
Baldaburuko bunkerra
lda Euzkadiko Gudarosteak Markinako Sektorean eraiki zuen bigarren defentsa-lerroaren posizioetako bat da. bigarren defentsa-lerro hau, duela urte gutxira arte nahiko ezezaguna zena oro har, Euzkadiko kanpo-frontearen defentsa-sistema esanguratsuenetariko bat da. Nolabait esateko “Burdin Hesi Txiki” modukoa da, Bilbokoa baino askoz ere ezezagunagoa.
Baldan Euzkadiko Gudarosteak diseinatu eta eraikitako defentsa-posizio baten hainbat aztarna esanguratsu kontserbatzen dira gaur egun. Gainera, elementu hauek defentsa-posizio batean ohikoak kontsideratzen diren hiru esparruetan kokatuta daude: abangoardia (edo su-lerroa), kontentzio-lerroa eta atzegoardia.
Defentsa-posizio errepublikano batean topa daitezkeen egituren “katalogo” txikia dugu Baldan: lubaki-lerroak -komunikaziokoak zein borrokarako diseinatutakoak, babeslekuak, behatokia eta hiru hormigoizko metrailadore-habia. Horrela, Euzkadiko Gudarostearen arkitektura eta paisaia kulturalen adibide esanguratsua da honakoa.
Baldako defentsa-posizioa lau gune ezberdinetan banatzen da, bakoitzak bere nortasuna duelarik:
Baldaburuko gailurra: mendiaren tontorrean, behatoki eta atzegoardia funtzioak uztartzen ziren kokalekua.
Balda I: lubaki-lerro batez lotutako hormigoizko metrailadore-habia eta lur azpiko babeslekua.
Balda II: hormigoizko metrailadore-habia.
Balda III: hormigoizko metrailadore-habia. Hormigoizko egitura honek duen berezitasuna jatorrizko estalkia mantentzen duela da. Hau da, gerraostean ez zuten bere teilatua suntsitu barruko burdina berrerabiltzeko.
Baldaburuko esku-hartze arkeologikoa
Azken hilabetetan, udalerriko beste hainbat mendietan bezala, baso-mozketak lurrazala agerian uztea eragin du eta Baldaburuko kasuan mozketa horrek lehen ikusi ezin ziren hainbat elementu agerian utzi ditu. Hori dela eta, Josu Santamarinak zuzendutako esku-hartze arkeologikoa egin zen 2021. urtean. Indusketa arkeologiko honetan lurrazaleko elementuen dokumentazio grafikoa eta geometrikoa, Baldako hiru gotorleku eta bestelako gerra-egituren lanketa topografikoa, aurkitutako material arkeologikoen dokumentazio indibidualizatua eta 3D modeloen garapenak egin ziren, besteak beste.
Markina eta Xemeingo babeslekuak
Bonbardaketak eta arriskuak egunerokoak izan ziren frontea gure herriaren inguruko mendietan egonkortuta egon zen zazpi hilabeteetan. Erasoak hasi bezain laster, kanpaiek eta sirenek estalpean jartzeko abisua ematen zuten, eta biztanleek esleituta zeukaten babeslekura jotzen zuten.
Gerrak aurrera egin ahala, areagotu egin ziren bonbardaketak, eta arriskua ere handitu egin zen. Ondorioz, gerraren fase honetan biztanleek egun osoa ematen zuten babeslekuetan: zelaiko kiosko zaharrean, udaletxeko kanpandorrearen azpian, Okerra kalean, Axpe, Montemar eta Osoloko haitzuloetan, Karmeldarren baratzeko horman berariaz estalitako kalezuloan, frontoi txikiko ezkerreko horman irekitako bi tuneletan, Bidarte jauregiko pasabide azpian….
Bidarte jauregiko pasabide azpian
Maria Barrutia Totorikaguena
(...) Elgoibarko mendixetatik berutz Elkor inguruen zeuen peligrue hemen, hortxe zeuen frentie. Hortik etorten zien balak Markiñeko zelaire. Eurixan tanten moduen etorten zien. (...)
Erdiko kaleko 18 atariko ostean
Udaletxeko kanpandorrearen azpian
Sabina Arruabarrena Oiartzabal
(...) Zuhaitzen enborrekin eta hare-zakuekin egindako babesleku bat zegoen. Kanpai-hotsen abisuarekin, korrika babesten ginen, adineko emakumeen estutasunen eta otoitzen artean. (...)
Markina-Xemeingo beste memoria lekuak
Akarregi-Egixarreko Borroka
Egixarreko borroka 1936ko urriaren 21ean izan zen, tropa frankistek Jose Sagarna Uriarte apaiza (Zeanuri, 1911- Xemein, 1936) Amulategin fusilatu eta biharamunean. Egunsentian hasi ziren enfrentamenduak Antonio Naranjo komandantearen gidaritzapean. Borrokaldi hura ezkertiarrek, errepublikanoek eta abertzaleek osatu zuten: Euzko Indarra, EAE-ANVren bigarren batailoia; Mateos batailoia (UGTren lehena, gutxienez lehenengo, bigarren eta bosgarren konpainiak); eta Boga Boga (gerora Itxasalde batailoia osatuko zuen konpainietako bat).
Zapolako bunkerra
Markinaldeko fronteko defentsarako bigarren lerro hau 1936ko urriaren hasieran egonkortutako lehen guda-lerroetatik hurbil eraikitako sendoena eta gauzatuena izateaz gain, porlanezko eraikin lerrokatuekin egindako bakarra izan zen.
Eusko Jaurlaritzako Fortifikazio saileko agirietan agertzen denez, Urkotik Itoinomendira 27 bunker eraikitzea zen asmoa. Zaila da jakitea denak eraiki ziren edo ez, baina horietako 23 kokatuta daude. Batzuk oso egoera onean aurkitzen dira, Zapolakoa kasu.