Markina-Xemein, Baldaburuko 2. gudalerroa
Markina eta Xemein Gerra Zibilean
Matxinoek Frantziako muga eta Hego Euskal Herrian Irun eskuratzea izan zuten helburu nagusi. Hori erdietsi ondoren, 1936ko irailaren 13an Gipuzkoako hiriburua, Donostia, okupatu zuten. Errepublikaren alde borrokan ari zirenen ahultasun militarraz baliatuz, lehenengo euskal milizianoei aurre egin zieten eta aurrera jarraitu zuten ia Gipuzkoa osoa hartu arte. Horrela, 1936ko irailaren amaierarako Bizkaiko muga-lerroan jarri ziren.
Baina, errepublika eta balio demokratikoak defendatzen ari zirenek atzerrian armamentua eskuratzea lortu zuten, eta faxistei aurre egitea lortu zuten, inguruko mendietako guda-lerroak geldiaraziz. Jarraian, Markina plaza militar bihurtu zen, eta bertako biztanleek egunero pairatu behar izan zuten gerraren gordinkeria, guda-lerroa geldirik egon zen 7 hilabeteetan.
Gudari eta milizianoen joan-etorriez gain, egunero zeuden bonbardaketak, tiro-hotsak, bala galduak, suntsiketak, babeslekuetan orduak eta orduak igarotzea, gabeziak, zaurituak, hildakoak…Garaiko egunkarien kroniken arabera, Markina eta Xemein bonbardaketa gehien jasan zituzten herrietakoak izan ziren.
Italiarren eta Alemaniarren laguntza militarraz baliatuz, faxistek lerroa zeharkatzea lortu zuten 1937ko apirilaren 27an. Bezperan suntsitutako Gernikarako bidea hartuz, gerra zuzena amaitutzat eman zuten.
Hala ere, ondoren etorri zena ez zen aurrekoa baino eramangarriagoa izan: atxiloketak, ile mozketak, ihesaldiak, espetxe zigorra, aldarrikapen lanak, epaiketak, fusilamenduak, autoritarismoa, indarkeria, bazterketa, gaztelaniaren ezarpena, isunak, desjabetzeak, gosea... etorkizunik eza, lau hamarkadetarako ezarritako frankismoa.
Baldaburuko bunkerra
Balda Euzkadiko Gudarosteak Markinako Sektorean eraiki zuen bigarren defentsa-lerroaren posizioetako bat da. bigarren defentsa-lerro hau, duela urte gutxira arte nahiko ezezaguna zena oro har, Euzkadiko kanpo-frontearen defentsa-sistema esanguratsuenetariko bat da. Nolabait esateko “Burdin Hesi Txiki” modukoa da, Bilbokoa baino askoz ere ezezagunagoa.
Baldan Euzkadiko Gudarosteak diseinatu eta eraikitako defentsa-posizio baten hainbat aztarna esanguratsu kontserbatzen dira gaur egun. Gainera, elementu hauek defentsa-posizio batean ohikoak kontsideratzen diren hiru esparruetan kokatuta daude: abangoardia (edo su-lerroa), kontentzio-lerroa eta atzegoardia.
Defentsa-posizio errepublikano batean topa daitezkeen egituren “katalogo” txikia dugu Baldan: lubaki-lerroak -komunikaziokoak zein borrokarako diseinatutakoak, babeslekuak, behatokia eta hiru hormigoizko metrailadore-habia. Horrela, Euzkadiko Gudarostearen arkitektura eta paisaia kulturalen adibide esanguratsua da honakoa.
Baldako defentsa-posizioa lau gune ezberdinetan banatzen da, bakoitzak bere nortasuna duelarik:
Baldaburuko gailurra: mendiaren tontorrean, behatoki eta atzegoardia funtzioak uztartzen ziren kokalekua.
Balda I: lubaki-lerro batez lotutako hormigoizko metrailadore-habia eta lur azpiko babeslekua.
Balda II: hormigoizko metrailadore-habia.
Balda III: hormigoizko metrailadore-habia. Hormigoizko egitura honek duen berezitasuna jatorrizko estalkia mantentzen duela da. Hau da, gerraostean ez zuten bere teilatua suntsitu barruko burdina berrerabiltzeko.
Baldaburuko esku-hartze arkeologikoa
Azken hilabetetan, udalerriko beste hainbat mendietan bezala, baso-mozketak lurrazala agerian uztea eragin du eta Baldaburuko kasuan mozketa horrek lehen ikusi ezin ziren hainbat elementu agerian utzi ditu. Hori dela eta, Josu Santamarinak zuzendutako esku-hartze arkeologikoa egin zen 2021. urtean. Indusketa arkeologiko honetan lurrazaleko elementuen dokumentazio grafikoa eta geometrikoa, Baldako hiru gotorleku eta bestelako gerra-egituren lanketa topografikoa, aurkitutako material arkeologikoen dokumentazio indibidualizatua eta 3D modeloen garapenak egin ziren, besteak beste.