Markina-Xemein, Akarregi-Egixarreko borroka

Markina eta Xemein Gerra Zibilean

Matxinoek Frantziako muga eta Hego Euskal Herrian Irun eskuratzea izan zuten helburu nagusi. Hori erdietsi ondoren, 1936ko irailaren 13an Gipuzkoako hiriburua, Donostia, okupatu zuten. Errepublikaren alde borrokan ari zirenen ahultasun militarraz baliatuz, lehenengo euskal milizianoei aurre egin zieten eta aurrera jarraitu zuten ia Gipuzkoa osoa hartu arte. Horrela, 1936ko irailaren amaierarako Bizkaiko muga-lerroan jarri ziren.

Baina, errepublika eta balio demokratikoak defendatzen ari zirenek atzerrian armamentua eskuratzea lortu zuten, eta faxistei aurre egitea lortu zuten, inguruko mendietako guda-lerroak geldiaraziz. Jarraian, Markina plaza militar bihurtu zen, eta bertako biztanleek egunero pairatu behar izan zuten gerraren gordinkeria, guda-lerroa geldirik egon zen 7 hilabeteetan.

Gudari eta milizianoen joan-etorriez gain, egunero zeuden bonbardaketak, tiro-hotsak, bala galduak, suntsiketak, babeslekuetan orduak eta orduak igaro­tzea, gabeziak, zaurituak, hildakoak…Garaiko egunkarien kroniken arabera, Markina eta Xemein bonbardaketa gehien jasan zituzten herrietakoak izan ziren.

Italiarren eta Alemaniarren laguntza militarraz baliatuz, faxistek lerroa zeharkatzea lortu zuten 1937ko apirilaren 27an. Bezperan suntsitutako ­Gernikarako bidea hartuz, gerra zuzena amaitutzat eman zuten.

Hala ere, ondoren etorri zena ez zen aurrekoa baino eramangarriagoa izan: atxiloketak, ile mozketak, ihesaldiak, espetxe zigorra, aldarrikapen lanak, ­epaiketak, fusilamenduak, autoritarismoa, indarkeria, bazterketa, gaztelaniaren ezarpena, isunak, desjabetzeak, gosea... etorkizunik eza, lau hamarkadetarako ezarritako frankismoa.

Egixarreko borroka 1936ko urriaren 21ean izan zen, tropa frankistek Jose Sagarna Uriarte apaiza (Zeanuri, 1911- Xemein, 1936) Amulategin fusilatu eta biharamunean.

Egunsentian hasi ziren enfrentamenduak Antonio Naranjo komandantearen gidaritzapean. Borrokaldi hura ezkertiarrek, errepublikanoek eta abertzaleek osatu zuten: Euzko Indarra, EAE-ANVren bigarren batailoia; Mateos batailoia (UGTren lehena, gutxienez lehenengo, bigarren eta bosgarren konpainiak); eta Boga Boga (gerora Itxasalde batailoia osatuko zuen konpainietako bat).

Errepublika, demokrazia eta askatasunaren alde ­borrokatu zuten gudari eta milizianoek gerra posizioak guztiz finkatzeko zituzten. Hala ere, Zuluetatik hasi eta Akarregin zehar Egixarrerantz erasoak aurrera eramanda, altxamenduarekin bat egindako Nafarroako Brigadetako indarrak (armadako soldaduak, erreketeak eta falangistak) kanporatzeko saiakera gogorra burutu zuten.Mateos batailoikoek gidatu zuten ofentsiba.

Lehen ­lerroan indar handiz borrokatu zuten miliziano sozialista bizkaitarrek eta horien borroka babesten jardun zuten Zulueta inguruetan zeuden Euzko Indarrako ­gudariak (EAE-ANV). Inguruko herrietako (Ondarroa, Lekeitio, Bermeo, Xemein, Markina…) gazteez osatutako Boga-Boga konpainiako kideak iluntzean igo ziren Akarregi gainera.

Hainbat gudarik eta milizianok beraien bizitzekin ­ordaindu zuen askatasun egarria, asko izan baitziren bertan hildakoak. Horietako batzuk Xemeingo hilerrian lurperatu zituzten, eskuan botila bat lotu eta bertan ­beraien izena idatzita zuen papertxo bat sartuz. Zaurituak ere ez ziren gutxi izan, tartean Fulgencio Mateos, Bilboko zinegotzia eta Bizkaiko milizia sozialistaren burua, borrokaldian jasotako zauri larrien ondorioz urriaren 25ean Basurtuko erietxean hil zena. Hala ere, gudari haietako batzuen gorpuak inguru hauetako ­zelaietan geratu ziren, etsaia hain gertu egoteak gorpuak jasotzea eragozten zuen eta.

Markinako odol-ospitalea

Matxinoek Gipuzkoan zehar aurrera egin ahala, biztanleria gero eta gehiago desplazatzen zen eta ehunka lagun etorri ziren Markinara eta Xemeinera, gerratik ihesi. Hasiera baten eraikin handietan artatu zituzten gerratik ihesi zetozenak: Urberuagako bainuetxea, komentuak, Patrokua jauregia…

Baina, frontea gure inguruko mendietara iritsi zenean, gerraren premien ondorioz, eraikin handi horiek beste erabilera batzuetara bideratu ziren. Asko euskal milizien kuartel bihurtu ziren.

Gerraren ondorioz, heriotzez gain, gaixoek eta zaurituek ere gora egin zuten, eta, horiek artatzeko Patrokua jauregia “Odol-ospitale” gisa egokitu zuten; hau da, frontetik gertu lehen sendaketak egiteko ospitalea.

Bertara iristen ziren zaurituen egoera oso larria zen: tiro-zauriak, metraila-zauriak, anputazioak, odola galtzea... Eta hori guztia gutxi balitz, ospitaleak matxinoen artilleriaren eta hegazkinen erasoak ere jasan behar izan zituen.

irudia

Testigantzak

Jose Mari Otsoa de Txintxetru Oñate

(...) Mendira igotzean tiroka hartzen gintuzten. Iñork ez zigun esan non zegoen etsaia, baina tiroek nondik txistukatzen zuten ikusita, bagenekien nondik etorren. Denok lurrean jarri ­giñen elkarren ondoan, etorritako ­bideruntz begira. (...)


Ikusi testigantza

irudia

Marcelo Usabiaga jauregi

(...) Urberuagako kuartelean geunden. Egunero egunsentian Etxebarrira arte joaten giñen oinez ilaran. Hogeitabost bat egun egon giñen hemen, lehen ­lerroan. Gehien gogoratzen dudana da arratsaldeak libre genituenean Markiñara joaten giñela edatera. (...)


Ikusi testigantza

irudia

Jimi Jimenez (Aranzadi Zientzia Elkartea)

Markinako kartzela

(...) Markinako kartzelako eraikinak epaitegi eta kartzela gisa funtzionatu du, ez du beste erabilerarik izan. Jendea epaitzen zuten eta behin-behineko espetxealdia ematen zieten libre utzi arte edo Bilbora eraman arte prozesua jarraitzeko. Beste alderdi garrantzitsu bat 70eko hamarkadara arte funtzionamenduan egon izana da. (...)


Ikusi testigantza

irudia

Markina-Xemeingo beste memoria lekuak

Zapolako bunkerra

Markinaldeko fronteko defentsarako bigarren lerro hau 1936ko urriaren hasieran egonkortutako lehen guda-­lerroetatik hurbil eraikitako sendoena eta gauzatuena izateaz gain, porlanezko ­eraikin lerrokatuekin egindako bakarra izan zen.

Eusko Jaurlaritzako Fortifikazio saileko agirietan agertzen denez, Urkotik Itoinomendira 27 bunker eraikitzea zen asmoa. Zaila da jakitea denak eraiki ziren edo ez, baina horietako 23 kokatuta­­ ­daude. Batzuk oso egoera onean aurkitzen dira, Zapolakoa kasu.

irudia