Zelaietaburu
Etxebarria Gerra Zibilean
1936ko gerraren lehen oihartzunak udan sumatu arren, irailaren azken asteetan indar handiagoz nabaritzen hasi ziren Etxebarrian. Gudarien kanoiak etxe aurrean jartzen ikusi zituzten Beiden eta Urkaregiko gurutzearen inguruko muinoetara lubakiak egitera ere joan behar izan zuten hainbat herritarrek, gudariek lehen gotorlekuetan lan egiten zuten bitartean.
Irailaren azken egunetarako lehen tiro hotsak gertu entzuten ziren herrian; gehienbat, Gipuzkoako mugatik gertu zeuden baserrietan: Urkaregi, Orizate, Zelaieta, Goikone, Loperreka…Baserri horietako biztanle gehienek etxetik alde egin behar izan zuten faxistak zetozelako; batzuk Elgoibar eta inguruetara eta beste batzuk atzealdeko herrietara (Etxebarria, Erbera, Markina-Xemein…).
1936ko urriaren 10erako frontea egonkortu egin zen eta, ondorioz, hainbat borroka egon arren, fronteko lehen lerroko posizioak, errepublikazaleenak zein faxistenak, berdin mantendu ziren 1937ko apirilaren 26ra arte.
Hilabete horietan tiro, kanoikada eta bonbardaketa aereoak jasan zituzten Etxebarrian, hainbat eraikinetan kalte materialak eraginez (Txominenean, Herreruanean, Eskoletxean, Kortabeitin, Beiden, Atsoinzabal, Mandiolan…). Herriko hamar bat gazteri frontera borrokatzera joatea egokitu zitzaien; hasieran, Eusko Jaurlaritzak deituta eta ondoren, Francok eramandako sektoreetara. Baserritarrek gerrarekin lotutako hainbat lan egin behar izan zituzten (gurdiekin hornitzaile-lanak, gidatzeko lanak, elikagaiak eraman…). Hainbat etxebarritar hil ziren gerraren ondorioz; dozena bat frontean eta bederatzi biztanle inguru beren bizitza egiten saiatzen ari zirela. Nahiz eta heriotza gerraren adierazle latzena izan, beldurra, egonezina, kezka eta abar ere jasan zituzten hilabete haietan.
Horrez gain, faxistek herria okupatu ondoren, haiei babesa eman zieten herritarren laguntzarekin, errepublikazale eta abertzaleen aurkako errepresioa jarri zen martxan: 1933an demokratikoki aukeratutako udalbatzako kideak epaitu ondoren kartzela zigorra ezarri zieten; hauteskundeetan abertzaleen aldeko botoa emateagatik ere epaitu zituzten batzuk; eta gudari gisa borrokan jarduteagatik Behartutako Diziplina Batailoietara ere eraman zuten etxebarritarren bat.
Zelaietaburuko erresistentzia gunea
1936ko irailaren 20 inguruan, Zelaietaburun erresistentzia-eremu bat ezarri zuten antifaxistek. Gune hau behatoki gisa ere baliagarria izan zen gudari eta milizianoentzako, egunetik egunera frankistak gero eta hurbilago zeudenez, hemendik beraien mugimenduak kontrola zitzaketen.
Irailaren 24ko gauean, frankistak Aiastiako San Migel auzoa okupatzear zeudenean, Bizkaiko gudari abertzaleen konpainiak iritsi ziren gune honetara erresistentzia-eremua indartuz. Egoera oso larria zen, biharamunean egunsentian, Zirardamendiko gudua zuzenean ikusi zuten Zelaietaburutik eta iluntzerako faxistak San Migel auzoan zeudela ohartu ziren. Irailaren 26an Morkaiku okupatu eta irailaren 29an frankistek euren bandera Kalamua gailurrean jartzea lortu zuten.
Baina, Zelaietaburuko gudariek ez zuten amore eman, azken unera arte borrokatu zuten. Horren adierazle dira gune honetan berreskuratutako Gernika Granada izeneko esku-bonben aztarnak.
Zelaietaburuko hobia
Lubakia eta bertako gorpuzkiak berreskuratzeko garbiketa-lanak egin zituzten Ahaztuen oroimena 1936 elkarteak eta Arantzadi Zientzia Elkarteak, 2015eko martxoaren 5ean. Apirilaren 16an hiru gudariren gorpuzkiak atera zituzten lurpetik. Urrezko hortzak eta hortzetako eskuilak ere agertu ziren gorpuzkien artean.
Zelaietaburun berreskuratutako lubakiak 24 metroko luzera zuen eta aipatutako objektuez gain, ehunka bala-zorro, txanponen bat, ur oxigenatu botilak, ron botilak eta abar aurkitu ziren bertan. Hiru gudarien gorpuzkiak ezin izan ziren identifikatu eta Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan hobiratu ziren 2018ko otsailean.
Testigantzak
Anastasi Malaxetxebarria Ibarzabal
(…) Beideko harrizko etxe edarra bonbiek jo ban eta su hartu ban, eta Amotokun bizi zan gizona jun zan laguntza gauzak ataten ahal zan moduen. Balkotik zehozer ataten ebizela, kañonazuek bera hartu ban eta bertan hil zan (…)
Jesusa Aierdi Egurrola
(…) Zubillakuk, Otsateikuk eta hirurok urte gendun beixekin da hainbeste traste hartu ta jun gintzezan Urbitxeko bide kurutzera. Felix Basabe etorren Etxebarritxik eta esan euskun ez mobitzeko inorabe, ez dala pasau bihar ezebe, eta buelta ein da jun gitzen etxera, ze ostantzin ia nun akabauko gendun guk (…)
Pedro Urkidi Arejitabelaustegi
(…) Euskitzen, soluen, batent bat hil zuan. Ekarri idixek horra aurra ta botaik goldie hondora esaten geuntzan, eta goldie hondure eta kanpora, kalaberie atrapaute...Hazurrek agertzen zitxuan mordue, kalaberak…eta abadiek esan joskuen trintxeran edo sakon unak euzan lekuen sartzeko hantxe (…)
Juanita Barruetabeña Guenaga
(…) gure aitxe kartzelara sartu ben ze konzejala zan, ordun (1931-1936) republikanuk aintze ben. Gure ama argixe zan eta Don Franziskona jun zan (abadie) eta jueza Jose Ibaun: ”ze bion?” “eztau gauza txarrik ein nire gizonak, baina kartzela erun dabe da haixe libretako nahi neuke”, “lehen gauza txar asko ein ezpajunen oin ezaunen hori pasauko” (…)
Memoria lekuak
null
Memoria historiko kolektibo oso bat sortu nahian, 1936ko gerraren ondorioz Etxebarrian hil ziren herritarrak gogora ekarri, omendu eta haiei gertatutakoa helarazi nahi du Ahaztuen Oroimena 1936 Elkarteak “Memoria Lekuak” ekimenaren bidez. Urteetako isiltasunaren ondoren, izen-abizenak eta lekuak jartzeko beharra erakutsi nahi dute…ez al du ba isiltasunak zerbait esan nahi? Horren harira, hildako herritarren memoria lekuak sortu dituzte herrian zehar.
Etxebarriako beste memoria lekuak
Frontearen kokapena
1936ko urriaren lehen egunetan egonkortu zen frontea Etxebarria inguruan. Errepublikanoek herrigunetik gertu kokatu zituzten beraien posizioak, eta, ondorioz, erdigunea leherketa guztiak iristen ziren gune bihurtu zen. Faxistek gailurrik altuenak hartu zituzten eta beraien irmotasun militarraren ondorioz, taktikoki egokienak ziren posizioak bereganatu zituzten. Hala ere, Maax inguruetan zein Eguzkitza eta Akarregi-Egixarren kokatutako antifaxistek beraien posizioak defendatzen jarraitu zuten 1937ko apirilaren 26ra arte.
Belarroko metrailadore habia
1936ko urrian, lehen lerroko fronteak egonkortzearekin batera, bigarren-defentsa lerroa osatu zuten faxismoaren aurkako indarrek. Aginaga inguruan hasi eta Itoinomendiraino, kilometro askotako lubakiak eta alanbre-lerroak prestatu zituzten, baita 19 zementu-bunker (Belarroko hau, adibidez), tunelak, bideak eta komunikazio-instalazioak ere. Matxinoek ez zuten lortu lerroa gainditzea lortu, ez Markinaldeko sektorean, ez Lekeitioko frontean; bigarren defentsa-lerroaren irmotasunagatik eta beste fronte batzuk lehenetsi izanagatik izan daiteke.
Akarregi-Egixarreko borrokaldia
1936-10-21eko borrokaldia egunsentian hasi zen Antonio Naranjo komandantearen gidaritzapean. Euzko Indarra (EAE-ANV), Mateos (UGTren lehena), Boga Boga (Itxasalde batailoia osatuko zuen konpainietako bat), Saseta metrailadorearen gudariak eta Arabakoak (EAJ), denak batera, Zuluetan hasi eta Akarregin zehar Egixarrerantz borrokan jardun zuten faxistak kanporatzeko asmoz.
Fulgencio Mateos, Bilboko zinegotzi sozialista, borrokaldi honetan zauritu eta egun batzuetara hil zen Basurtuko ospitalean. Gudari haietako batzuen gorpuak Egixarre inguruko zelaietan geratu ziren, etsaiaren hurbiltasunak gorpuak biltzea eragozten baitzuen.
Akarregi-Egixarreko panela