Etxebarria - Belarroko metrailadore habia

Etxebarria Gerra Zibilean

1936ko urriaren hasieran gerra-fronteak egonkortzearekin batera, faxistak kanporatzeko erasoaldi gogorra burutu zuten miliziano eta gudariek urriaren 21ean Akarregi ingurutik Egixarre aldera. Helburua lortu ez zutenez, faxisten aurkako indarrak bigarren defen­tsa-lerroa prestatzen hasi ziren. Aginaga inguruan hasi eta Itoinomendiraino, kilometro askotako lubakiak eta alanbre-lerroak prestatu zituzten, baita 19 zementu-bunker (Belarroko hau, adibidez), tunelak, bideak eta komunikazio-instalazioak ere.

Matxinoek 1937-04-24an Elgeta eta Elorrio aldean frontea apurtu eta egun batzuetara Oiz mendiaren gaina hartu zutenean, errepublikaren alde aritutakoak Gernikarantz erretiratu behar izan ziren, atzealdean defentsarik gabe geratzeko arriskuan. Hala ere, matxinoek ez zuten lerroa gainditzea lortu, ez Markinaldeko sektorean, ez Lekeitioko frontean; bigarren defentsa-lerroaren irmotasunagatik eta beste fronte batzuk lehenetsi izanagatik izan daiteke. Egun, bigarren defentsa-lerro horretan osorik geratzen den gotorleku bakarra da Belarrokoa.

Etxebarriako beste memoria lekuak

Zelaietaburu

1936ko irailaren 20 inguruan, Zelaietaburun erresistentzia-eremu bat ezarri zuten antifaxistek. Hiru edo lau eguneko borrokaldian murgilduta, gudariek ez zuten amore eman azken unera arte. 2015eko apirilaren 16an, Ahaztuen Oroimena 1936 Elkarteko kideek eta Aranzadi Zientzia Elkartekoek lubakian hobiratutako hiru gudariren gorpuzkiak berreskuratu zituzten. Gorpuzkiak ezin izan ziren identifikatu eta Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan ­hobiratu ziren 2018ko otsailean.

irudia

Frontearen kokapena

1936ko urriaren lehen egunetan egonkortu zen frontea Etxebarria inguruan. Errepublikanoek herrigunetik gertu kokatu zituzten ­beraien posizioak, eta, ondorioz, erdigunea leherketa guztiak iristen ziren gune bihurtu zen. Faxistek gailurrik altuenak hartu zituzten eta beraien irmotasun militarraren ondorioz, taktikoki egokienak ziren posizioak bereganatu zituzten. Hala ere, Maax inguruetan zein Eguzkitza eta Akarregi-Egixarren kokatutako antifaxistek beraien posizioak defendatzen jarraitu zuten 1937ko apirilaren 26ra arte.

irudia

Akarregi-Egixarreko borrokaldia

1936-10-21eko borrokaldia egunsentian hasi zen Antonio Naranjo komandantearen gidari­tzapean. Euzko Indarra (EAE-ANV), Mateos (UGTren lehena), Boga Boga (Itxasalde batailoia osatuko zuen konpainietako bat), Saseta metrailadorearen gudariak eta Arabakoak (EAJ), denak batera, Zuluetan hasi eta Akarregin zehar Egixarrerantz borrokan jardun zuten faxistak kanporatzeko asmoz. Fulgencio Mateos, Bilboko zinegotzi sozialista, borrokaldi honetan zauritu eta egun batzuetara hil zen Basurtuko ospitalean. Gudari haietako ­batzuen gorpuak Egixarre inguruko zelaietan geratu ziren, etsaiaren hurbiltasunak gorpuak biltzea eragozten baitzuen.

irudia