Etxebarria, Akarregi-Egixarreko borrokaldia

Etxebarria Gerra Zibilean

1936ko gerraren lehen oihartzunak udan sumatu arren, irailaren azken asteetan indar handiagoz nabaritzen hasi ziren Etxebarrian. Gudarien kanoiak etxe aurrean jartzen ikusi zituzten Beiden eta Urkaregiko gurutzearen inguruko muinoetara lubakiak egitera ere joan behar izan zuten hainbat herritarrek, gudariek lehen gotorlekuetan lan egiten zuten bitartean.

Irailaren azken egunetarako lehen tiro hotsak gertu entzuten ziren herrian; gehienbat, Gipuzkoako mugatik gertu zeuden baserrietan: Urkaregi, Orizate, Zelaieta, Goikone, Loperreka…Baserri horietako biztanle gehienek etxetik alde egin behar izan zuten faxistak zetozelako; batzuk Elgoibar eta inguruetara eta beste batzuk atzealdeko herrietara (Etxebarria, Erbera, Markina-Xemein…).

1936ko urriaren 10erako frontea egonkortu egin zen eta, ondorioz, hainbat borroka egon arren, fronteko lehen lerroko posizioak, errepublikazaleenak zein faxistenak, berdin mantendu ziren 1937ko apirilaren 26ra arte.

Hilabete horietan tiro, kanoikada eta bonbardaketa aereoak jasan zituzten Etxebarrian, hainbat eraikinetan kalte materialak eraginez (Txominenean, Herreruanean, Eskoletxean, Kortabeitin, Beiden, Atsoinzabal, Mandiolan…). Herriko hamar bat gazteri frontera borrokatzera joatea egokitu zitzaien; hasieran, Eusko Jaurlaritzak deituta eta ondoren, Francok eramandako sektoreetara. Baserritarrek gerrarekin lotutako hainbat lan egin behar izan zituzten (gurdiekin hornitzaile-lanak, gidatzeko lanak, elikagaiak eraman…). Hainbat etxebarritar hil ziren gerraren ondorioz; dozena bat frontean eta bederatzi biztanle inguru beren bizitza egiten saiatzen ari zirela. Nahiz eta heriotza gerraren adierazle latzena izan, beldurra, egonezina, kezka eta abar ere jasan zituzten hilabete haietan.

Horrez gain, faxistek herria okupatu ondoren, haiei babesa eman zieten herritarren laguntzarekin, errepublikazale eta ­aber­tzaleen aurkako errepresioa jarri zen martxan: 1933an demokratikoki aukeratutako udalbatzako kideak epaitu ondoren ­kar­tzela zigorra ezarri zieten; hauteskundeetan abertzaleen aldeko botoa emateagatik ere epaitu zituzten batzuk; eta gudari gisa borrokan jarduteagatik Behartutako Diziplina Batailoietara ere eraman zuten etxebarritarren bat.

Akarregi-Egixarren matxinoen aurkako ofentsiba

1936-10-21eko borrokaldia egunsentian hasi zen Antonio Naranjo komandantearen gidaritzapean. Euzko Indarra (EAE-ANV), Mateos (UGTren lehena), Boga Boga (Itxasalde batailoia osatuko zuen konpainietako bat), Saseta metrailadorearen gudariak eta Arabakoak (EAJ), denak batera, Zuluetan hasi eta Akarregin zehar Egixarrerantz borrokan jardun zuten faxistak kanporatzeko asmoz. Fulgencio Mateos, Bilboko zinegotzi sozialista, borrokaldi honetan zauritu eta egun ­batzuetara hil zen Basurtuko ospitalean. Gudari haietako batzuen gorpuak Egixarre inguruko zelaietan geratu ziren, etsaiaren hurbiltasunak gorpuak biltzea eragozten baitzuen.

irudia

Geure guda oiñetako izparrak

1936ko urriaren 22an (Akarregi-Egixarreko erasoaldiaren biharamunean) egunkarian argitaratutako artikulu honen arabera, Bilbotik 4 gudari-talde etorri ziren Markina ingurura guda-­oinean zeuden gudariei atsedena emateko. “Oldargi”, “Boga Boga”, “Estabillo” eta “Atzeri zantzale” taldeak ziren. 

irudia

Testigantzak

Jose Iriondo Iruguenpagate

(…) Irazabalen, egon zitxuan ipinitxe, gorrixek kainoitxu bi. Egixarreko txabola inguruen, nunbaitxen, gitxi gora bera, hamentxe egon zuan gizon bat hilde, da bestie hor. Karkabak eta be kendute jazak, hortxe karkaban bestie. (…)



Ikusi testigantza

irudia

Maria Txurruka Etxaniz

(…) Da han egixarren militarrak hilde tolosien, euren kasko da danekin. Egon zan zera, alanbradurie, Egixartik Oruntzera orduko tontortxu bat da, mandiola goiko partera, tontortxu bat. Han bata bestiai puñala sartu ta tente hilde gizonak. 1936/10/21ien izen zan, gizonak hilde da bixek tente. (…)



Ikusi testigantza

irudia

Bitxori Muniozguren Larrañaga

(…) Molina Azkoitxixen hil zan gero, Comandante Molina. Azkoitxixen, soldauok esauzten ta neuk ikusi, Molina ba entzun naban zein zan, eztauket goguen baina juteko ta ikusi naban ta txarto euen, hiltxen euen. Ha heridu ben, Mandiola Goikuen. Hankiek errementua einban bonbiaz, ha bizik osta ostan allegau zan hara (…)



Ikusi testigantza

irudia

Asensio Mandiola Baskaran

(…) Atakau ein juen, esangouat hori, “gorrixe”k esaten jotzen, bai gorrixek, dana dala, zer partekuek, beste partekuek, gox baten, Egixarre gaina ta horra pasau, da hori horma ostiok eta horrek danok bete ta, puesto sokorro, Errotazarretan txabolie jauan han, Intxaurbitxetik eta Egixarrera goiezela, hantxe bidepin zuan; da txabola zar haundixe edo, “Puesto de socorro” han jauken kontizu ipinitxe (…)



Ikusi testigantza

irudia

Memoria lekuak

null

Memoria historiko kolektibo oso bat sortu nahian, 1936ko gerraren ondorioz Etxebarrian hil ziren herritarrak gogora ekarri, omendu eta haiei gertatutakoa helarazi nahi du Ahaztuen Oroimena 1936 Elkarteak “Memoria Lekuak” ekimenaren bidez. Urteetako isiltasunaren ondoren, izen-abizenak eta lekuak jartzeko beharra erakutsi nahi dute…ez al du ba isiltasunak zerbait esan nahi? Horren harira, hildako herritarren memoria lekuak sortu dituzte herrian zehar.

irudia

Etxebarriako beste memoria lekuak

Zelaietaburu

1936ko irailaren 20 inguruan, Zelaietaburun erresistentzia-eremu bat ezarri zuten antifaxistek. Hiru edo lau eguneko borrokaldian murgilduta, gudariek ez zuten amore eman azken unera arte. 2015eko apirilaren 16an, Ahaztuen Oroimena 1936 Elkarteko kideek eta Aranzadi Zientzia Elkartekoek lubakian hobiratutako hiru gudariren gorpuzkiak berreskuratu zituzten. Gorpuzkiak ezin izan ziren identifikatu eta Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan hobiratu ziren 2018ko otsailean.

irudia

Frontearen kokapena

1936ko urriaren lehen egunetan egonkortu zen frontea Etxebarria inguruan. Errepublikanoek herrigunetik gertu kokatu zituzten beraien posizioak, eta, ondorioz, erdigunea leherketa guztiak iristen ziren gune bihurtu zen. Faxistek gailurrik altuenak hartu zituzten eta beraien irmotasun militarraren ondorioz, taktikoki egokienak ziren posizioak bereganatu zituzten. Hala ere, Maax inguruetan zein Eguzkitza eta Akarregi-Egixarren kokatutako antifaxistek beraien posizioak defendatzen jarraitu zuten 1937ko apirilaren 26ra arte.

irudia

Belarroko metrailadore había

1936ko urrian, lehen lerroko fronteak egonkortzearekin batera, bigarren-defentsa lerroa osatu zuten faxismoaren aurkako indarrek. Aginaga inguruan hasi eta Itoinomendiraino, kilometro askotako lubakiak eta alanbre-lerroak prestatu zituzten, baita 19 zementu-bunker (Belarroko hau, adibidez), tunelak, bideak eta komunikazio-instalazioak ere. Matxinoek ez zuten lortu lerroa gainditzea lortu, ez Markinaldeko sektorean, ez Lekeitioko frontean; bigarren defentsa-lerroaren irmotasunagatik eta beste fronte batzuk lehenetsi izanagatik izan daiteke.

irudia