Berriatua - Kostaldeko Frontea
Berriatua Gerra Zibilean
Matxinoek Irun eskuratu eta 1936ko irailaren 13an Donostia hartu ondoren, errepublika defendatzen zutenen ahulezia militarraz baliatuz, aise egin zuten aurrera Gipuzkoan zehar Bizkaiko mugara iritsi arte.
Antolaketa militarrik izan ez arren, agintari errepublikanoek egindako kudeaketaren ondorioz, irailaren bukaeran matxinoei aurre egiteko gai izango zen lehen armamentua jaso zuten euskal milizianoek. Horri esker eta balore demokratikoekin bat egiten zuten abertzale eta ezkertiar herritarrek agertutako jarrera eta ausardiari esker, urriaren hasieran matxinoen aurrerakada geldiarazi eta frontea inguru honetako mendietan kokatu zen.
1936ko urriaren 4an matxinoek Berriatua bereganatu bazuten ere, Urkiagamendi eskuratu ezinik eta Mellerudi-Kalamendi inguruan zeuden euskal milizianoak menderatzea lortu ezinik, urriaren 4ko gau horretan atzera egin behar izan zuten. Horrela, kostaldeko frontea Asterrika auzoan gelditu zen, Artibai ibaiak banatzen dituen mendietan.
Nahiz eta matxinoak armamentuz eta egituraz askoz indartsuagoak izan, haiei eragindako geldialdi hau ez zen edonolakoa izan; 1936ko urriaren 4tik 1937ko apirilaren 27ra arte ezin izan baitzuten aurrera jarraitu.
Zazpi hilabete luzez gerra gordina bizi izan zuten bertan, garai hartan egon zitekeen gerrarik gogorrena eta modernoena. Posizioetako gerra, tiroak, morteroak, kanoikadak, aire erasoak, bonbardaketak itsasontzietatik, gabeziak, negu hotza, beldurra… eta ausardia.
Matxinoek italiar eta alemaniar armaden ezinbesteko laguntzaz baliatuz, Gernika eta Munitibar aire erasoen bidez erabat birrindu ondoren, eta Oiz mendia bereganatuta, euskal miliziak atzera egin beharrean aurkitu ziren.
Urkiagamendin frontea gelditu zuten
Kostaldetik eragindako presioaren ondorioz Matxinoek Berriatuan eta Ondarroan sartzea lortu zuten 1934ko urriaren 4an.
Bi herri horien kasuan, errepublikanoek alde batera utzi zituzten hiriguneetako borrokak eta Merelludi, Kalamendi eta Urkiagamendi gailurretan indartsu mantentzearen aldeko apustua egin zuten, Matxinoei aurrera egitea oztopatzeko asmoarekin. Horretarako, hainbat igaro bide suntsitu zituzten dinamitaz, hala nola Ondarroako zubi zaharra zein berria, Plazakolako zubia (Markina-Xemein) eta kostako bideko zubiak.
Matxinoek Berriatuako erdigunera iritsi eta okupatzea lortu bazuten ere, ezin izan zuten Urkiagamendi bereganatu, ezta Merelludi eta Kalamendi artean lerrokatuta zeuden euskal milizianoak garaitu ere; beraz, 1936ko urriaren 4ko gau hartan bertan atzera egin behar izan zuten. Lehen egunetako borroken ondoren, euskal milizianoek kostaldeko frontea gelditu zuten Asterrikan. Errepublikanoen erantzunaren ondorioz, matxinoen eta errepublikanoen guda lerroak Artibai ibaiaren arroak banatzen dituzten mendietan ezarri ziren.
Arana Goiri Milloin
null
1936ko urriaren 13ko prentsa-artikulua
Testigantzak
Miguel Elordi Egurrola
(...) Goiz batean nire anaia Doroteo eta biok Gasturuko basoetara joan ginen garbiketa lanak egitera. Mendian arriskutik kanpo geundela uste genuen, baina Larruskaindik Ondarroako biltegietara ura garraiatzeko hoditeria kaltetzeko asmoarekin errepublikazaleen hegazkin batek jaurtitako bonbek bete-betean harrapatu eta txikitu zuten nire anaia. (...)
Jose Andres Azpiri
(...) Gerra hasi zenean nire etxean nengoen Torretxu baserrian (Plazakola), eta 1936ko urriaren 4an bertatik ikusi nuen milizianoek Plazakolako zubia nola lehertu zuten faxistei bidea ixteko asmoarekin. Milizianoek laguntzaile hartu ninduten eta baserritarrei azalpenak ematera bidali ninduten, nola babestu behar zuten azaltzera (leihoak zabalik mantentzea, Labetxe ostean biltzea…eta abar. (...)
Mariatxo Martin Ibarloza
(...) Ama eta biok ihesi joan ginen kostaldeko bidetik faxistek deserriratutako hainbat familiekin batera. Baina, kostako txaleteko kontrol postuan zeuden ondarrutar eskuindarrek ez ziguten utzi lerroa igarotzen. Geroago frankistek ama, izeba eta hainbat senide atxilotu zituzten eta militar batek nire izebari sexu erasoa ere egin zion. (...)
Berriatuako alkatea
Juan Domingo Arriola Eguren
“Astobitze”
“Berriatuko alkate errepublikanoa”
Juan Domingo Arriola Eguren Berriatuko alkate errepublikanoa zen. 1937ko martxoaren 4an hegazkin batek jaurtitako bonba batek hil zuen Mendexako Zulueta Errota baserriaren parean. Oletan kokatutako Berriatuako udaletxean lanean aritu ondoren errefuxiatu gisa bizi zen Amorotoko Enparan baserrira zihoanean gertatu zen ezbeharra. 62 urte zituen. Hileta Amoroton egin zen eta Lekeition lurperatu zuten.
Berriatuako beste memoria lekuak
Frontearen kokapena
1936ko urriaren 4an, euskal milizianoek kostaldeko frontea gelditzea lortu zuten Asterrikan. Horren ondorioz, matxinoen eta errepublikanoen guda lerroak Artibai ibaiaren arroak banatzen dituzten mendietan ezarri ziren.
Matxinoak Amallosurretik, Madalena, Legarregi, Txindurri, Tontorramendi eta Ondarroa atzean utzita, Urkamendi eta Zezermendin zehar itsasoraino.
Euskal miliziak, berriz, Epermendi, Ataunbeheko, Lakagoiko, Merelludi, Zabalamendi, Kalamendi, Asterrikamendi eta Urkiagamendin zehar itsasoraino.