Etxebarria - Frontearen kokapena

Etxebarria gerra zibilean

1936ko gerraren lehen oihartzunak udan sumatu arren, irailaren azken asteetan indar handiagoz nabaritzen hasi ziren Etxebarrian. Gudarien kanoiak etxe aurrean jartzen ikusi zituzten Beiden eta Urkaregiko gurutzearen inguruko muinoetara lubakiak egitera ere joan behar izan zuten hainbat herritarrek, gudariek ­lehen gotorlekuetan lan egiten zuten bitartean. Irailaren azken egunetarako ­lehen tiro hotsak gertu entzuten ziren herrian; gehienbat, Gipuzkoako mugatik gertu zeuden baserrietan: Urkaregi, Orizate, Zelaieta, Goikone, Loperreka…­Baserri horietako biztanle gehienek etxetik alde egin behar izan zuten faxistak zetozelako; batzuk Elgoibar eta inguruetara eta beste batzuk atzealdeko herrietara (Etxebarria, Erbera, Markina-Xemein…).

1936ko urriaren 10erako frontea egonkortu egin zen eta, ondorioz, hainbat borroka egon arren, fronteko lehen lerroko posizioak, errepublikazaleenak zein faxistenak, berdin mantendu ziren 1937ko apirilaren 26ra arte.

Hilabete horietan tiro, kanoikada eta bonbardaketa aereoak jasan zituzten Etxebarrian, hainbat eraikinetan kalte materialak eraginez (Txominenean, Herreruanean, Eskoletxean, Kortabeitin, Beiden, Atsoinzabal, Mandiolan…). Herriko hamar bat gazteri frontera borrokatzera joatea egokitu zitzaien; hasieran, Eusko Jaurlaritzak deituta eta ondoren, Francok eramandako sektoreetara. Baserritarrek gerrarekin lotutako hainbat lan egin behar izan zituzten (gurdiekin hornitzaile-­lanak, gidatzeko lanak, elikagaiak eraman…). Hainbat etxebarritar hil ziren gerraren ondorioz; dozena bat frontean eta bederatzi biztanle inguru beren bizitza egiten saiatzen ari zirela. Nahiz eta ­heriotza gerraren adierazle latzena izan, beldurra, egonezina, kezka eta abar ere jasan zituzten hilabete haietan.

Horrez gain, faxistek herria okupatu ondoren, haiei babesa eman zieten herritarren laguntzarekin, errepublikazale eta abertzaleen aurkako errepresioa jarri zen martxan: 1933an demokratikoki aukeratutako udalbatzako kideak epaitu ondoren kartzela zigorra ezarri zieten; hauteskundeetan abertzaleen aldeko botoa emateagatik ere epaitu zituzten batzuk; eta gudari gisa borrokan jarduteagatik Behartutako Diziplina Batailoietara ere eraman zuten etxebarritarren bat.

Etxebarriako beste memoria lekuak

Zelaietaburu

1936ko irailaren 20 inguruan, Zelaietaburun erresistentzia-eremu bat ezarri zuten antifaxistek. Hiru edo lau eguneko borrokaldian murgilduta, gudariek ez zuten amore eman azken unera arte. 2015eko apirilaren 16an, Ahaztuen Oroimena 1936 Elkarteko kideek eta Aranzadi Zientzia Elkartekoek lubakian hobiratutako hiru gudariren gorpuzkiak berreskuratu zituzten. Gorpuzkiak ezin izan ziren identifikatu eta Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan ­hobiratu ziren 2018ko otsailean.

irudia

Belarroko metrailadore habia

1936ko urrian, lehen lerroko fronteak egonkortzearekin batera, bigarren-defentsa lerroa osatu zuten faxismoaren aurkako indarrek. Aginaga inguruan hasi eta Itoinomendiraino, kilometro askotako lubakiak eta alanbre-lerroak prestatu zituzten, baita 19 zementu-bunker (Belarroko hau, adibidez), tunelak, bideak eta komunikazio-instalazioak ere. Matxinoek ez zuten lortu lerroa gainditzea lortu, ez Markinaldeko sektorean, ez Lekeitioko frontean; bigarren defentsa-lerroaren irmotasunagatik eta beste fronte batzuk lehenetsi izanagatik izan daiteke.

irudia

Akarregi-Egixarreko borrokaldia

1936-10-21eko borrokaldia egunsentian hasi zen Antonio Naranjo komandantearen gidari­tzapean. Euzko Indarra (EAE-ANV), Mateos (UGTren lehena), Boga Boga (Itxasalde batailoia osatuko zuen konpainietako bat), Saseta metrailadorearen gudariak eta Arabakoak (EAJ), denak batera, Zuluetan hasi eta Akarregin zehar Egixarrerantz borrokan jardun zuten faxistak kanporatzeko asmoz. Fulgencio Mateos, Bilboko zinegotzi sozialista, borrokaldi honetan zauritu eta egun batzuetara hil zen Basurtuko ospitalean. Gudari haietako ­batzuen gorpuak Egixarre inguruko zelaietan geratu ziren, etsaiaren hurbiltasunak gorpuak biltzea eragozten baitzuen.

irudia