Kapitulo honetan
  • S1

    Fronte egonkortua Gipuzkoa/Bizkaia

    urria 1936- apirila 1937
  • S2

    Markina “Plaza Militar”

    gerraren gordinkeria
  • S3

    Matxinoak eta Euskal Miliziak

    guda posizioak
  • S4

    Bigarren defentsa lerroa

    defentsarako sortutako guda lerroa
  • S5

    Bunkerrak eta metrailadore habiak

    Bigarren defentsa-lerroko posizioetako eraikinak. Euzkadiko kanpo-frontearen defentsa-sistema esanguratsuenetariko bat da.
  • S6

    Batailak

    borroka esanguratsuak
S1

Fronte egonkortua Gipuzkoa/Bizkaia

urria 1936- apirila 1937

Fronte egonkortua Gipuzkoa/Bizkaia (urria 1936- apirila 1937)

Gerra Zibilaren lehen faseetan, matxinatutako indarrek azkar egin zuten aurrera Gipuzkoan zehar. Iraileko azken egunetan, armada frankistak bizkortasun berarekin Bizkaia aldera aurrera egiteko helburua zuen, baina indar leialek hauen aurrera-egitea geldiarazi zuten. Egun askoz luzatu ziren borroken ondorioz, 1936ko urriaren 8tik arurera, bi armaden posizioak hurrengo 7 hilabeteetarako finkatuta geratuko ziren. Bizkaiako kostaldetik hegoalderantz hedatu zen fronte-lerroan zehar, Bizkaiaren eta Gizpukoaren arteko mugan, mendi eta udalerri ezberdinak zeharkatuz. Gudari eta milizianoen erresistentzia zorigaiztoko egun horietan, eta ondorengo frontearen egonkortzea, funtsezkoak izan ziren lehen Eusko Jaurlaritza eratzeko eta milaka bizitza zibil salbatzen lagundu zuten.

S2

Markina “Plaza Militar”

gerraren gordinkeria

Bonbardaketak, tiro hotsak, bala galduak...

7 hilabeteko abagune honetan, Markina plaza militar bihurtu zen, eta bertako biztanleek egunero pairatu behar izan zuten gerraren gordinkeria, guda-lerroa geldirik egon zen 7 hilabeteetan. Bertan, gerrari eutsi edo aurre egiteko beharrezko antolaketa eratu ziren: Errepublikaren Aldeko Batzordeak, Intendentzia, Garraioak, Odol Ospitaleak, Kuartelak, Fortifikazioak, artileriako antolaketa, errefuxiatuak artatzeko azpiegiturak, ….

Gudari eta milizianoen joan-etorriez gain, egunero zeuden bonbardaketak, tiro-hotsak, bala galduak, suntsiketak, babeslekuetan orduak eta orduak igarotzea, gabeziak, zaurituak, hildakoak… Garaiko egunkarien kroniken arabera, Markina eta Xemein bonbardaketa gehien jasan zituzten herrietakoak izan ziren.

Faxistek lerroa zeharkatu eta aurrerantz

Italiarren eta Alemaniarren laguntza militarraz baliatuz, faxistek lerroa zeharkatzea lortu zuten 1937ko apirilaren 27an. Bezperan suntsitutako Gernikarako bidea hartuz, gerra zuzena amaitutzat eman zuten.

S3

Matxinoak eta Euskal Miliziak

guda posizioak

1936ko urriaren 4an, euskal milizianoek kostaldeko frontea gelditzea lortu zuten Asterrikan (Berriatua). Horren ondorioz, matxinoen eta errepublikanoen guda lerroak Artibai ibaiaren arroak banatzen dituzten mendietan ezarri ziren. Hauek izan ziren alde bakoitzaren guda posizioak:

Matxinoen lerroa

Arrate (Eibar), Akondia/Arrikurutz (Eibar), Garagoitxi (Eibar), Kalamua (Elgoibar-Etxebarria-Markina-Xemein), Urkarregi (Elgoibar-Etxebarria), Gorosta [Koosa] (Etxebarria), Oreguntza [Oruntze] (Etxebarria), Amallosur (Berriatua-Markina-Xemein), Madalengana [Madalena] (Berriatua), Legarmendi (Berriatua), Txindurri (Berriatua), Tontorramendi (Berriatua-Mutriku) eta Ondarroa atzean utzita, Asterrikako mendikatean, Urkamendi (Ondarroa) eta Zezermendin (Ondarroa) zehar itsasora arte.


Euskal miliziak

Euskal milizien berriz, Urko (Eibar), Izua-Gorrotzeaga [Akondiako maldak] (Eibar), Maxa [Landareta, Zurdin, Ubegiburu] (Etxebarria-Markina-Xemein), Lexardi (Etxebarria), Eguskitza [Euskitze] (Etxebarria), Aulestia [Allusti] (Etxebarria), Zulueta baserriak (Etxebarria), Akarregi (Markina-Xemein), Epermendi (Markina-Xemein), Ategurenbehekoa [Ataunbeheko] (Markina-Xemein), Lakagoikoa (Berriatua), Merelludi (Berriatua), Zabalamendi (Berriatua), Kalamendi (Berriatua), Asterrikamendi (Berriatua) eta Urkiagamendin (Berriatua) zehar itsasora artean kokatu ziren.


Armamentuari eta egiturari dagokienez matxinoak indartsuagoak ziren arren, aurrerabidea gelditzea izugarria izan zen, egun horretatik 1937ko apirilaren 27ra arte ezin izan baitzuten aurrera egin.

S4

Bigarren defentsa lerroa

defentsarako sortutako guda lerroa

Bigarren guda lerroa

Euskal milizien agintaritzak matxinoen lerroa gainditzeko eraso gogor bat bideratu zuen 1936ko urriaren 21ean, baina helburua lortu ezinik, gure inguruetan bigarren guda-lerroa eta Bilboko Burdin Hesia eraikitzea erabaki zuen, Faxistak Bilbora heltzea oztopatu eta ekiditeko asmoz.

Gure inguruko lehen guda-lerroan matxinoek posiziorik egokienak zituzten, beraien nagusitasuna nabarmena zen, eta, horrez gain, euskal gudariek fronte guztiko posiziorik zailenak zituzten hemen. Beharbada horregatik indartu ziren bigarren defentsa-lerroko lanak. Lerro honen sendotasunagatik matxinoek ez zuten aparteko saiakerarik egin hau gainditzeko, 1937ko martxoaren 31an Mola Jeneralak indar guztiak Euskal Herriko frontera bideratu eta eraso nagusia hasi zutenera arte.

Hilabete horietan tiro, kanoikada eta bonbardaketa aereoak jasan zituzten, hainbat eraikinetan kalte materialak eraginez. Herriko gazteei frontera borrokatzera joatea egokitu zitzaien; hasieran, Eusko Jaurlaritzak deituta eta ondoren, Francok eramandako sektoreetara. Baserritarrek gerrarekin lotutako hainbat lan egin behar izan zituzten (gurdiekin hornitzaile-lanak, gidatzeko lanak, elikagaiak eraman…). Hainbat bizilagun hil ziren gerraren ondorioz; batzuk frontean eta beste batzuk beren bizitza egiten saiatzen ari zirela. Nahiz eta heriotza gerraren adierazle latzena izan, beldurra, egonezina, kezka eta abar ere jasan zituzten hilabete haietan.

Horrez gain, faxistek herria okupatu ondoren, haiei babesa eman zieten herritarren laguntzarekin, errepublikazale eta abertzaleen aurkako errepresioa jarri zen martxan: 1933an demokratikoki aukeratutako udalbatzako kideak epaitu ondoren kartzela zigorra ezarri zieten; hauteskundeetan abertzaleen aldeko botoa emateagatik ere epaitu zituzten batzuk; eta gudari gisa borrokan jarduteagatik Behartutako Diziplina Batailoietara ere eraman zituzten bateren batzuk.

S5

Bunkerrak eta metrailadore habiak

Bigarren defentsa-lerroko posizioetako eraikinak. Euzkadiko kanpo-frontearen defentsa-sistema esanguratsuenetariko bat da.

Baldaburuko bunkerra

Balda Euzkadiko Gudarosteak Markinako Sektorean eraiki zuen bigarren defentsa-lerroaren posizioetako bat da. Bigarren defentsa-lerro hau, duela urte gutxira arte nahiko ezezaguna zena oro har, Euzkadiko kanpo-frontearen defentsa-sistema esanguratsuenetariko bat da. Nolabait esateko “Burdin Hesi Txiki” modukoa da, Bilbokoa baino askoz ere ezezagunagoa.

Baldan Euzkadiko Gudarosteak diseinatu eta eraikitako defentsa-posizio baten hainbat aztarna esanguratsu kontserbatzen dira gaur egun. Gainera, elementu hauek defentsa-posizio batean ohikoak kontsideratzen diren hiru esparruetan kokatuta daude: abangoardia (edo su-lerroa), kontentzio-lerroa eta atzegoardia.

Defentsa-posizio errepublikano batean topa daitezkeen egituren “katalogo” txikia dugu Baldan: lubaki-lerroak-komunikaziokoak zein borrokarako diseinatutakoak, babeslekuak, behatokia eta hiru hormigoizko metrailadore- habia. Horrela, Euzkadiko Gudarostearen arkitektura eta paisaia kulturalen adibide esanguratsua da honakoa.

Baldako defentsa-posizioa lau gune ezberdinetan banatzen da, bakoitzak bere nortasuna duelarik:

Baldaburuko gailurra

Mendiaren tontorrean, behatoki eta atzegoardia funtzioak uztartzen ziren kokalekua.

Balda I

Lubaki-lerro batez lotutako hormigoizko metrailadore-habia eta lur azpiko babeslekua.

Balda II

Hormigoizko metrailadore-habia.

Balda III

Hormigoizko metrailadore-habia. Hormigoizko egitura honek duen berezitasuna jatorrizko estalkia mantentzen duela da. Hau da, gerraostean

ez zuten bere teilatua suntsitu barruko burdina berrerabiltzeko.

Zapolako Bunkerra

Markinaldeko fronteko defentsarako bigarren lerro hau 1936ko urriaren hasieran egonkortutako lehen guda-lerroetatik hurbil eraikitako sendoena eta gauzatuena izateaz gain, porlanezko eraikin lerrokatuekin egindako bakarra izan zen. Eusko Jaurlaritzako Fortifikazio saileko agirietan agertzen denez, Urkotik Itoinomendira 27 bunker eraikitzea zen asmoa. Zaila da jakitea denak eraiki ziren edo ez, baina horietako 23 kokatutadaude. Batzuk oso egoera onean aurkitzen dira, Zapolakoa kasu.

Belarroko metrailadore habia

1936ko urriaren hasieran gerra-fronteak egonkortzearekin batera, faxistak kanporatzeko erasoaldi gogorra burutu zuten miliziano eta gudariek urriaren 21ean Akarregi ingurutik Egixarre aldera. Helburua lortu ez zutenez, faxisten aurkako indarrak bigarren defentsalerroa prestatzen hasi ziren. Aginaga inguruan hasi eta Itoinomendiraino, kilometro askotako lubakiak eta alanbre-lerroak prestatu zituzten, baita 19 zementu-bunker (Belarroko hau, adibidez), tunelak, bideak eta komunikazio-instalazioak ere. Matxinoek 1937-04-24an Elgeta eta Elorrio aldean frontea apurtu eta egun batzuetara Oiz mendiaren gaina hartu zutenean, errepublikaren alde aritutakoak Gernikarantz erretiratu behar izan ziren, atzealdean defentsarik gabe geratzeko arriskuan. Hala ere, matxinoek ez zuten lerroa gainditzea lortu, ez Markinaldeko sektorean, ez Lekeitioko frontean; bigarren defentsa-lerroaren irmotasunagatik eta beste fronte batzuk lehenetsi izanagatik izan daiteke. Egun, bigarren defentsa-lerro horretan osorik geratzen den gotorleku bakarra da Belarrokoa.

S6

Batailak

borroka esanguratsuak

Akarregi-Egixarreko borroka

Egixarreko borroka 1936ko urriaren 21ean izan zen, tropa frankistek Jose Sagarna Uriarte apaiza (Zeanuri, 1911- Xemein, 1936) Amulategin fusilatu eta biharamunean.

Egunsentian hasi ziren enfrentamenduak Antonio Naranjo komandantearen gidaritzapean. Borrokaldi hura ezkertiarrek, errepublikanoek eta abertzaleek osatu zuten: Euzko Indarra, EAE-ANVren bigarren batailoia; Mateos batailoia (UGTren lehena, gutxienez lehenengo, bigarren eta bosgarren konpainiak); eta Boga Boga (gerora Itxasalde batailoia osatuko zuen konpainietako bat).

Errepublika, demokrazia eta askatasunaren alde borrokatu zuten gudari eta milizianoek gerra posizioak guztiz finkatzeko zituzten. Hala ere, Zuluetatik hasi eta Akarregin zehar Egixarrerantz erasoak aurrera eramanda, altxamenduarekin bat egindako Nafarroako Brigadetako indarrak (armadako soldaduak, erreketeak eta falangistak) kanporatzeko saiakera gogorra burutu zuten.Mateos batailoikoek gidatu zuten ofentsiba. Lehen lerroan indar handiz borrokatu zuten miliziano sozialista bizkaitarrek eta horien borroka babesten jardun zuten Zulueta inguruetan zeuden Euzko Indarrako gudariak (EAE-ANV). Inguruko herrietako (Ondarroa, Lekeitio, Bermeo, Xemein, Markina…) gazteez osatutako Boga- Boga konpainiako kideak iluntzean igo ziren Akarregi gainera.

Ondorioak

Hainbat gudarik eta milizianok beraien bizitzekin ordaindu zuen askatasun egarria, asko izan baitziren bertan hildakoak. Horietako batzuk Xemeingo hilerrian lurperatu zituzten, eskuan botila bat lotu eta bertan beraien izena idatzita zuen papertxo bat sartuz. Zaurituak ere ez ziren gutxi izan, tartean Fulgencio Mateos, Bilboko zinegotzia eta Bizkaiko milizia sozialistaren burua, borrokaldian jasotako zauri larrien ondorioz urriaren 25ean Basurtuko erietxean hil zena. Hala ere, gudari haietako batzuen gorpuak inguru hauetako zelaietan geratu ziren, etsaia hain gertu egoteak gorpuak jasotzea eragozten zuen eta.