Kapitulo honetan
  • S1

    Gerraren ondorioak gure inguruan

  • S2

    Familien banaketak

  • S3

    Errepresioa

  • S4

    Emakumeen aurkako jazarraldia

  • S5

    Azken berbak

S1

Gerraren ondorioak gure inguruan

Ondorioak

Inguru hauetan ez zen hil Otxandion, Bilbon, Gernikan edo Durangon bezainbat lagun. Markinak, Xemeinek, Berritxuk eta Etxebarriak ez zuten ezagutu aipatutako

herriotan hegazkin italiar eta alemaniarrek egindako bezalako triskantzarik.

Dena dela, gerraren ondorioak oso larriak izan ziren lau herriotan. Markinako eta Xemeingo lurretan, 1936ko irailaren 29an lehertu ziren lehen obusak, eta 1937ko apirilaren 25era arte, tropa frankistek hainbat leherkari tona bota zituzten markinarren eta xemeindarren gainera.

Bonbardaketak

Hegazkinen bitartez, zein Arnoaten, Urkaregin edo Kalamuan zeuden kanoi-baterien bidez, erreketeek askotan bonbardatu zituzten Xemein eta Markina. Txomin Onaindiak zioen bezala, “Markina será de las villas que más bombardeos aéreos ha sufrido durante toda la campaña de la guerra”.

Bonbardaketa horiek guztiek kalte ekonomiko, material eta ekologiko ugari eragin zituzten, eta hamaika izan ziren txikituta edo kaltetuta gelditu ziren etxeak, batez ere Markinako alde zaharrean.

S2

Familien banaketak

Herriko bizitza soziala kaltetu zuen beste arazo larria familien banaketak izan ziren. Frankistak sartu aurretik hainbatek ihes egin zuten, beste batzuk atxilotu egin zituzten edota, preso egon ostean, langileen batailoietara bidali. Halaber, gazte asko izan ziren alde batekoekin edota bestekoekin borrokatzera behartuak, eta kanpoan urteak egin zituztenak. Ondorioz, senide askok urteak egin behar izan zituzten elkar ikusi gabe.

S3

Errepresioa

Frankisten errepresioa abertzale, ezkertiar eta errepublikazaleen atxiloketekin hasi zen. Gerra irabazi zutenak, frankistak, harro eta gupidagabe agertzen ziren, galtzaileek, errepublikaren aldekoek, ordea, ezin zuten ezer esan, ezta euren defuntuengatik dolua gorde edota behar bezala negar egin ere. Frankisten propagandaren ondorioz, errepublikaren alde borrokatu zutenen familiak bigarren mailako herritar bihurtu ziren. Herritarren arteko harremanak, gizarte kohesioa, guztiz apurtu zen. Errepresioa ideologia abertzalea, ezkertiarra edota errepublikazalea zuten guztien aurka bideratu zen. Baina errepresioa bereziki gogorra izan zen Errepublikaren aldeko batzordeetan eta Udal kudeaketan parte hartu zutenen edo nolabaiteko erantzukizun politikoak izan zituztenen aurka.

S4

Emakumeen aurkako jazarraldia

Ideologia abertzalea eta ezkertiarra zuten gizonen aurka ez ezik, emakume askoren aurkako jazarraldia ere izugarria izan zen. 1937ko apiriletik aurrera, falangistek goitik behera umiliatu zituzten familia abertzale eta ezkertiarretako emakumeak, eta beldurra arimaraino sartu zieten.

Frankistek helburu argi bat zuten: ideologia abertzalearen eta ezkertiarren transmisioa oztopatzea, eta familiari, elizari eta etxeko-lanei loturiko andrazko eredua berreskuratzea eta sendotzea. Ihes egin gabe gelditu ziren emakume batzuk Markinako kartzelan sartu zituzten. Beste batzuk zorte txarragoa izan zuten, eta, atxilotu ostean, Bilboko edo Saturrarango kartzeletara eraman egin zituzten. Kasurik onenean, isunak ordaintzera behartu eta militarren egoitzak eta arropak garbitzera kondenatu zituzten; edota ilea zerora ebaki ostean, herrian zehar bueltaka erabili, herritarren barregarri. Emakumeren bat bortxatu ere egin omen zuten.

S5

Azken berbak

Hala eta guztiz ere, gerrak eragin zituen kalterik larrienak gizakien heriotzak izan ziren, gutxi gorabehera familien %15ean heriotzaren bat egon zelarik.

1936ko uztailetik 1939ra, gauza mingarri eta beldurgarri asko gertatu ziren, eta horrek eragin izugarria izan zuen garai hura bizi izan zuten gure inguruko biztanleengan, baita hauen ondorengoengan ere.